Iraurgi Berritzenek, Donostia-Beterri Eskualdeko Udalekin (Beterri) eta Elhuyarrekin elkarlanean, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzari esker, Urberritzen proiektua jarri du martxan. Proiektuaren helburu nagusia da egungo erronka sozialei erantzun propioak eta egokiak emateko eskualdeetako gaitasuna hobetzea eta berrikuntza sozialean ardaztutako dinamika iraunkor bat sortzea.
Urtarriletik maiatzera bitartean, hauek dira Urola Erdian landuko ditugun helburu zehatzak:
- Eskualdean dauden gizarte-praktika eraldatzaileak eta berritzaileak ezagutzea, eta horiek berrikuntza sozialaren argitan aztertu eta ebaluatuz, aurrera begira modu eraginkorrean jarduteko hobetzekoak identifikatzea.
- Eskualdeko berrikuntza sozialaren gogoeta bateratua egitea eta etorkizunera begirako erronkak elkarrekin lantzea, eskualdearen berrikuntza sozialean eragiteko ezagutza eta tresna metodologiko berriak eragileen eskura jarriz.
- Eskualdeko eragileen arteko harremanak eta elkarlana sendotzea.
Horretarako, eskualdean garatzen ari diren hainbat proiektu berritzaile ebaluatu nahi ditugu, eskualdean dugun berrikuntza sozialaren gaitasunaz jabetu eta abiatzen ditugun proiektuen bidez sortzen dugun gizarte-, ekonomia- eta ingurumen- inpaktua hobetzeko helburuarekin. Horrela, ebaluazio horien berri eman eta eskualdean dugun berrikuntza sozialaren gaitasuna areagotzeko asmoz, askotariko eragileekin osatutako TOPAGUNEA antolatu nahi dugu. Martxora bitartean ebaluazioak egingo ditugu, eta, apirilean eta maiatzean Topagunearen 2 saio egingo ditugu. Interesgarria bezain aberasgarria iruditzen zaigu zure erakundeak bertan egin dezakeen ekarpena, eta era berean, zuretzako eta zure erakundearentzako ere esperientzia aberatsa izatea nahiko genuke.
Topaguneen xehetasunak:
1. Topagunea (apirilak 21): Berrikuntza soziala Urola Erdian: ebaluazioen ondorioak eta eskualdeko diagnostiko orokorra
2. Topagunea (maiatzak 5): Urola Erdiko gizartearen berrikuntzan eragiteko erronkak