Bigarren Saioa. Berrikuntza sozialaren markoa. Europako eta Euskal Herriko esperientziak
Eguna: Martxoak 24
Tokia: Elhuyarren egoitza, Usurbil
Bigarren saioan bertako eta nazioarteko ikuspegiak uztartzeko aukera izan genuen. Horretarako The Young Foundationeko Lurralde Berrikuntzarako zuzendari den Gorka Espiau izan genuen gure artean. Inguruko beste bi esperientzia ere ezagutu genituen: LKXT Koop eta Koop 57.
Saioari ekiteko, prozesuarekiko partaideek zituzten espektatibak landu genituen. Sintonia handia sumatu genuen eta honako hiru multzo hauetan laburbildu dezakegu prozesutik espero zutena:
- Elkar ezagutzea, harreman-sarea osatzea, aurrera begira elkarlanerako eta lankidetzarakozeuden aukerak aztertzea eta horretarako oinarriak ehuntzen hastea.
- Eskualde ikuspegia lantzea; eskualdean dauden eragileen eta egiten denaren ezagutza areagotzea, eta eragileen arteko harremana sendotzea.
- Ideia, ekimen, proiektu, esperientzia edo antolamendu-eredu desberdinak ezagutuz ikastea. Ikasketa-prozesu horretan konpartitzean jarri nahi zuten arreta, hartu eta emaneko harremanean; bakoitzak bere bizipenak eta ezagutzak besteen eskura jarri eta besteei entzunda ikasi nahi zuten.
Espektatiba nagusiak horiek izan ziren, baina bi lagunek aurrera begira zerbait berriari ekiteko gogoa ere adierazi zuten, nolabait: txinparta sortzea, berrikuntza sozialeko proiektu interesgarri berriak bultzatzeko alea jartzea… Halaber, proiektu berriak martxan jartzeko irizpide berriak lantzea ere proposatu zuten.
Saio honetan The Young Foundationeko Lurralde Berrikuntzarako Zuzendari eta Agirre Lehendakaria Center Ikerketa Sozial eta Politikoetarako erakundeko kide den Gorka Espiau izan genuen gure artean. Nazioarteko eta batez ere Europako ikuspegia ekarri zituen gurera, eta berrikuntza sozialaren eremuan Euskal Herriak duen esperientzia eta potentzialtasuna balioan jarri zituen; halaber, berrikuntza soziala egiterakoan bertako kultura erdigunean jartzearen garrantzia azpimarratu zuen. Hainbat gogoeta interesgarri utzi zituen hainbat alderdiren inguruan: ekintzailetasun indibidualaren mugak, gizarte-inpaktua izateko sistema konplexuak eraiki beharra, datorren eskenatoki berriaren ezaugarriak eta bertan eragile desberdinek jokatuko duten rola, berrikuntza sozialaren zentzua eta helburuak ongi zehaztearen garrantzia, etab.
Berrikuntza sozialaren egungo erronkez, eztabaidez, arriskuez eta aukerez aritu ondoren, gure inguruko bi esperientzia ezagutzeko aukera izan genuen: LKXT Koop eta Koop 57.
LKXT Koopeko kide den Mikel Valerok kontatu zizkigun Irunen kokatuta dagoen proiektu berri honen ingurukoak. Duela 10 urte sortu zen Irunen Lakaxita gaztetxea eta orduan zehaztu zituzten gerora giltzarri izaten jarraitzen duten balio askatzaileak: autogestioa, pertsonen arteko elkartasuna, ingurugiroarekiko errespetua, feminismoa…. Azken urteetan, bilakaera baten ondorioz, ekonomia sozial eta eraldatzailea sustatu nahi duten hainbat alternatiba ekonomiko sortu dira bertan, besteak beste: baratze kooperatiboak, Hiritik at edota labkaxita. Mikelek balioetan oinarrituriko eraldaketaren garrantziaz hitz egin zigun, eta inpaktua areagotzeko eragile desberdinen arteko harremanak eta sareak egituratu beharraz.
Koop 57ko kide den Liher Gonzalezek ekonomia sozial eta eraldatzailearen printzipioen berri eman zigun eta ekonomia-eredu horren printzipioetan oinarrituriko finantza-tresna baten berri eman zigun. Koop 57 Katalunian sortutako proiektua da, eta bere balio nagusiak hauek dira: gardentasuna, izaera demokratiko eta autogestionatua, ingurumenarekiko errespetua, lurraldearekiko atxikimendua, etab. Tresna ezagutu eta eskaintzen dituen aukera berriek erakarrita, 2013ko otsailean hasi zuen Euskal Herrian eratzeko prozesua. Liherrek ekonomia sozial eta eraldatzailearen aterkipean sortzen ari diren bestelako esperientzia eta tresna batzuen berri ere eman zigun, eta dinamika horien inguruan dagoen ilusioa, indarra eta lankidetzarako borondatea transmititu zizkigun.
Saioa amaitzeko, lantaldeak osatu genituen eta hitzaldiak sortutako gogoeta eta ikasgaien inguruan jardun genuen. Hona hemen taldean aipatutako hainbat ideia:
- Krisiaren aurrean, bide berriak esperimentatzeko aukera zabaltzen ari da. Aldaketarako gogoa sumatzen da inguruan eta ekimen berriak ari dira sortzen. Horiek ezagutzeak laguntzen du proiektu berriak martxan nola jarri ikasteko.
- Gizartea aldatu nahi badugu, konfort egoeratik atera behar dugu eta ekin egin behar dugu. Hausnarketatik inplementaziora pasa eta inplementatzeko guneak sortu. Industria eta beste alor batzuetara ere zabaldu beharko genuke mezua eta mezuaren zabalkundean konstantziaz jardun.
- Sarri lehian jartzen dugu indarra. Lankidetza da bidea, ordea. Baina nola lortu “gu” horretara igarotzea, gizarte-inpaktua areagotzeko?
- Proiektu txikien atzean konplexutasun handia dago. Eragiteko ahalmen eta aukera berriak sortzen dira sarri horietatik.
- Hezkuntzaren munduan, behar dena eskaintzen ari gara? Ikasleei eta gazteei esperientzia berritzaileak gerturatu behar dizkiegu.
Saioaren balorazioan adjektibo positiboak aipatu ziren, eta kolore gorri eta berdeak nagusitu ziren: indarra, itxaropena, ekologia, pizgarria…
Comments are closed.